INDIA-NAMASTE II

Bidaia gogorra omen da. Beroegia dela diote. Euritsua, zikina, zaratatsua, kutsatua, txiroa, dela… baina eraberean aspalditik erakargarria eta aberasgarria, hauxe da unea,benetazko aukera.

Mendi erraldoiak eta basamortu misteriotsuak. Oihan galduak eta hondartza amaiezinak. Herri ezezagunak eta hiri kaotikoak. Tenplu ospetsuak eta ibai miragarriak. Aukeratu behar, ezin dena bizi.

Treneko estutasunak eta autobus saltarinak. Txirrindaren izerdia eta motorraren kea. Intzentsuaren usaina eta gorpuak sutan. Dilista bizi-biziak eta samosa oliotsuak. Berrogei izar eta hamaka bakarra. Esperientzia aukeran.

Behi sakratuak eta txakur malapartatuak. Elefante jakintsuak eta arratoi indartsuak. Tximu laguntzaileak eta tximino lapurrak. Laku sakratuak eta harri jainkotuak. Mila miloi biztanle eta beste hainbeste jainko. Buda eta Mohammed. Mahabharata eta Bollywood. Kalaka merkeak eta urrezko liburua. Yoga ikastaroak eta shadu bilakatzea.Aukerak.

Begiak eta irribarreak. Eskuak eta besamotzak. Zutik eta kokoriko. Dotore eta biluzik. E-posta eta sandaliak. Ezkontzak eta festak.” One rupi” eta “txai” bat kale bazterrean. Kolorea eta txuribeltza. Namaste eta namaste.

Aurreko bidaietan Afrika eta Hegoamerika,oraingoan India erraldoia eta zoragarria. Bertako auzo txiroek , irrifarrea,ongi etorria,janaria eta eskua eskeintzen dizuten jendez josita daude,behartsuek bere duintasuna nola kanporatzen duten egunero senti daiteke indiako edozein herrixkan.

Honengatik eta beste arrazoi askorengatik itzulitakoan, argazkiak aukeratzea ia ezinezkoa da, denek baitute istorio bat,une berezi bat, are gehiago denek baitute gonbidapen bat atzean,bertako biztanle txiroen gonbidapen ahaztezina.

NAMASTE !!!!!!!!. Aukerak nonahi, jarrai dezala bideak.

TESTUA: AITOR SARASUA