Cassamancera begiratzen baduzu, ezjakina zarela ulertuko duzu. Ezjakina agian ez dakizulako Senegalen barruan Cassamance herri ez ofíziala dela, Diola kultura bizi dela bertan, besteak beste. Urte luzez bere nortasuna Dakarrek dakarren inposaketen aurrean aldarrikatu duela jakingo duzu orduan.
Ez dakizulako agian, Diolak errespetua nahi duela diola. Errespetua fetitxearen kulturak, bere bizitzaren ikuspegi propioarekin, biziraun dezan.
Ez dakizulako, agian, Caravanne irlaren ingurutik ateratzen direla Europara patera asko eta asko, guretzat ametsezkoa dirudien paisaia ederretik balizko beste amets ilunago batzuetara abiatzen direla itsasoan barrena.
Cassamancera begiratzen baduzu, ezjakina zarela ulertuko duzu. Ez dakizulako, agian, “kasumai” dela Cassamancean “kaixo” esateko duten modua. Ez dakizulako. Agian.
Cassamancera begiratzen baduzu, begiratzen zaituen begirada bat topatuko duzu. Amets baten itxura duen galdera, zure argazki kamera, hizkuntza, janzkera, poltsikoa eta irribarreari so. Zure kontraesan eta elkartasun nahi ezinduei so. Zure aurrez aurreko adiskidetasunari so.
Cassamancera begiratzen baduzu, zuri beltzezko begiradei erreparatuko diezu. Ez soilik zuri, ez soilik beltz.
Cassamancera begiratzen baduzu, begirada bat topatuko duzu zureari so. Begiraden paradisua ezagutu nahiko duzu zure begiekin.
Cassamancera begiratzen baduzu.

