AMAZONIAKO OIHANETIK PAZIFIKORA “VAYA NO MÁS”

Ekuador Hego Amerikan dagoen herrialde bat da, iparraldean Kolonbiarekin du muga eta hegoaldean Perurekin. Lau eskualdetan banatuta dago, natur aberastasun handia du, eta bertako faunaren eta floraren aniztasuna paregabea da, milaka eta milaka espezie biltzen baititu. Planetako biodibertsitaterik handienetakoa duen herrialdetako bat da.

Ekuadorreko hiru eskualde kontinentaletan 13 nazionalitate indigena bizi dira, bakoitzak munduarekiko ikuspegi propioa izanik, baita kultura, ezagutza eta hizkuntza propioak ere; nazionalitate bakoitzak bere tradizio eta ohiturei eusten die.

Ekuador ekialdetik mendebalderantz, Amazoniatik Andeetako mendietarantz, eta ondoren ozeano bareko kostalderantz zeharkatu dudanean, bertako herrixka eta klima ezberdinak ezagutzeko aukera izan dut, eta batez ere bertako jendea ezagutzeko aukera, horixe izan baita handik ekarri dudan altxorrik preziatuena.

Ekuadortarrentzat premiazkoa da oraindik ere geratzen zaien natur aberastasuna ez galtzea, eta bertako biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko aukerak bilatzeari lehentasuna eman behar diote. Bestalde, ez dugu ahaztu behar emigrazioaren arazo larria, askok beste herri batzuetara joan behar baitute lan bila.

Baina…norena da Ekuadorrek duen natur aberastasuna??!!Galdera horrek erantzun bakarra izan beharko luke: ekuadortarrena.

Bertako biztanleak, hau da, indigenak, andinoak eta kosteñoak, sekulako berreskuratze-ahalegina ari dira egiten: beren gobernuaren ustelkeriaren eta atzerritarren botere nahiaren ondorioz lapurtu dieten eta lapurtzen jarraitzen dieten ondasunak, lurra, petrolioa eta, batez ere, giza baliabideak berreskuratzeko ahaleginean, alegia.

Herrialde honen aberastasunik handiena, bertako lurren edertasun eta oparotasuna da, baita biztanleen adeitasuna eta irribarrea ere. Hori ez die inork lapurtuko, etengabe saiatzen badira ere. Aberastasun hori da, hain zuzen ere, argazki hauen bitartez erakutsi nahi izan dudana.

Erakusketa hau, Ekuadorren ezagutu eta argazkitan agertzen diren eta ez diren lagun eta pertsona guztiei eskaintzen diet. Bejondeiela!!!!

TESTUA: J.A.ARETA GOÑI (JUXE)