J.A.Areta Goñi “Juxe” Euskal Herrian (gutxienez) egiten diren rock-and-roll underground kontzertuen parte oso garrantzitsua da. Parte garrantzitsua diot, oso gaztetatik bere gustuko taldeak agertokiaren alboan jarraitzen ikusi dugulako; eta batez ere, azken 15 urteotan errepikaezinak (izan) diren kontzertu horietako uneak bere argazki makinarekin “izozten” diharduelako. Hala, orainerako eta etorkizunerako, irudi-instant-bizipen horiek gordetzen eta zabaltzen dihardu.
Bizitasunez, energiaz eta muturreko sentsazioz betetako emanaldi horiek, hain justu berak hain gustuko dituen talde horienak, zuzenean harrapatu eta ondoren gureganatu egiten dizkigu. Hala, berari esker, musikarekin batera gogoan dauzkagun une bereziei denboran gordetzeko moduko irudiak eskaintzen dizkigu.
Juxek, emanaldi guzti horien lekuko denak, erregistratzeko une horietako asko argazki erakusketa eta prentsan argitaratutako argazkien bidez plazaratzen ditu. Eta lan erraldoi horrek, rock-and-roll undergroundaren eszena elikatzen, ezagutzera ematen eta indartzen laguntzen du.
Urte guzti hauetan milaka izango dira Juxek egindako kilometroak eta klikatutako argazkiak. Aipatutako rock-and-roll eszenako paisaiaren eta eragileen artean hor dago beti, agertokiaren eskiña batean, Jamen, Tunk!en, Kafe Antzokian, Helldoradon edota ehunka gaztetxe eta tabernetan. Gogoan dauzkat tabernetan jarritako lehenengo argazki erakusketak; Irungo Bloody Mary disko denda erreferentzialarekin batera kaleratutako egutegi ikaragarriak; edota nik neuk, beste askok bezala, prentsan halako taldeen gainean idatzi izan dudanean, beti eskaini dizkidan argazki dotoreak. Hain zuzen ere, musikan espezializatutako Ruta 66, NDF, Entzun,Izu giroa… edota Berria, Diario Vasco, Gara, Egunkaria, Goienkaria eta beste hedabide askotan kaleratu dituzte berak egindako argazkiak.
Soberan dago esatea argazkigintza musikarekin batera bere pasioa dela; eta bere teknikak eta ezagutza garatzeko formazio tailer eta ikastaro ugari egin dituela. Baina horren guztiaren gainetik, garrantzitsuena da begi oso ona daukala eta une berezi horiek aukeratzen eta harrapatzen oso ondo ikasi duela. Halakoak dira emaitzak!!
Beste argazkilari oso gutxik bezala, argazki makina analogikoekin egiten du lan. Horrez gain, txuri-beltza da bere aukera, eta argiarekin asko jokatzen du. Are gehiago, argazkiak egiteari ia besteko garrantzia ematen dio laborategian egin beharrako lanari. Argazkiak mimatu egiten ditu eta horien onena ateratzen ahalegindu egiten da.
Bukatzeko, nabarmendu nahiko nuke askok diotela ezinezkoa dela unean unekoa bizi, eta gero hori kontatzeko gaitasuna izatea. Juxek hori baino gehiago lortu du; eta bere musika-zaletasun eta dedikazio iraunkorrari esker, azken 15 urteotako rock-and-roll underground talde esanguratsuenak zeintzuk izan diren jakin dezakegu bere lanak ikusten gozatzearekin batera. Ez da gutxi!! Eskerrak eman beharrean gaude.
TESTUA: IKER BARANDIARAN.

