BURDINBIDEAREN AMAIERAN “CANFRANC-eko GELTOKIA”

Pirinioen inguru honetara etortzen naizen bakoitzean, Canfranc-eko tren geltokia eta bere ingurua nire kamararekin miatzeko beharra sentitzen dut. Geltoki ikaragarriaren atzealdean dauden bagoiak, burdinbideak eta bestelakoak, Espainia eta Frantzia Sonporteko mugatik lotzen zituen trenbidearen azken aztarnak dira, jokoz kanpo dauden historia honen protagonista nagusiak, urteetan hainbat bidaia, elkarrizketa, truke, kontrabando, espioi eta istorio ezezagunen egiazko lekukoak.

Burdinbideko erraldoiak han daude, geltokiaren itzalean, azken bidaia egin ondoren betirako baztertuak, hiltzear, desagertzear… Han soma daitekeen isiltasuna eta bakardadea eta geltokiko protagonistek gordetzen dituzten hamaika istorio amaigabeen artean sortutako tentsioak erakartzen naute hona, elurrez estalitako mendi arteko toki zoragarrira, behin eta berriz, behin eta berriz, behin eta berriz…

CANFRANC-eko GELTOKIA (Aragoi, Huesca, Espainia)